Gelaratzeko jarduerak/proposamenak
Ikasmaterial honetan planteatutako jarduerak ikaskuntza prozesu logiko eta progresibo bati jarraituz diseinatu dira, ikasleen gaitasun kognitiboak kontuan hartuta, Batxilergoko Fisikako curriculumean jasotako edukiak modu koherentean garatzeko. Jarduerak hainbat fasetan egituratzen dira: hasierakoa, garapena eta amaierakoa. Horrela, ikasleek eduki berriak modu progresiboan barneratzen dituzte, esperientzia praktikoekin eta gogoeta teorikoekin uztartuta.
1. Hasierako fasea
Helburua da ikasleak motibatzea eta aurre-ezagutzak aktibatzea. Fase honetan, ikasleek Euskal Herriko mapan kokatutako bideo didaktikoak ikusiko dituzte, bakoitza higidura-mota zehatz bati lotuta (adibidez, Larruneko trena HZU azaltzeko, Donibane Garaziko maldak HZUA lantzeko edota Gasteizko saskibaloi-partidua jaurtiketa parabolikoa ulertzeko). Bideoak azalpen teorikoekin batera eskaintzen dira, eta ikasleek fenomenoak modu intuitiboan identifikatzeko aukera izango dute. Fase honetan, “Zinemat” izeneko chatbot laguntzailea ere aurkezten da: ikasleek bertan zalantzak aurkeztu, definizioak galdetu edota azalpen osagarriak jaso ditzakete. Chatbot horrek ikaskuntza autonomoa eta pertsonalizatua sustatzen du, galdera-erantzun dinamikoen bidez.
Horrez gain, hasierako galderak planteatzen dira ikasleen arreta pizteko eta hausnarketarako bidea irekitzeko.
2. Garapen fasea
Fase honetan ikasleek bideoetan jasotako eduki teorikoak sakondu eta aplikatzen dituzte. Jarduera nagusiak hauek dira:
H5P ariketa interaktiboak: bideo bakoitzaren ondoren txertatzen dira, ikasitakoa berehala aplikatzeko eta autoebaluazioa egiteko aukera emanez. Adibidez, aukera anitzeko galderak edo ‘Egia’ ala ‘Gezurra’ aukeratzekoak.
PDF ariketak: bertsio ebatzi gabea eta ebatziak eskaintzen dira, ikasleek banaka edo taldean lan egin dezaten, eta irakasleak behar den orientazioa eman dezan. Atal honetan, formulak erabili eta kalkulu egokiak egiteko ariketak egongo dira.
GeoGebra simulazioak: ikasleek mugimendu fisikoak esperimentalki aztertzeko eta eredu teorikoekin alderatzeko aukera eskaintzen dute. Parametro ezberdinak aldatuz, zinematikako kontzeptuak modu bisualean eta interaktiboan ulertzen dituzte, eta emaitzak formulen bidez interpretatzen dituzte.
Laborategiko jarduerak: gelan edo etxean egin daitezkeen esperimentuak proposatzen dira, ikasleek behaketa, neurketa eta analisi zientifikoa praktikatu ditzaten. Jarduera hauetan datu esperimentalak jasotzen dira eta estatistika aplikatzen da emaitzen zehaztasuna eta esperimentuen fidagarritasuna ebaluatzeko. Adibidez, grabitatearen azelerazioa kalkulatzeko edo metroaren azelerazioa estimatzeko jarduerak proposatzen dira.
Fase honetan ikasleak protagonista dira, ikaskuntza esperimentala eta aktiboa bultzatuz. Talde-lana sustatzen da, ikasleek elkarlanean lan egin dezaten datuak bildu, aztertu eta ondorioak ateratzeko.
3. Amaierako fasea
Amaieran, ikasitakoa integratzeko eta transferitzeko jarduerak planteatzen dira. Horien artean:
Blog atala: ikasleek genero-arrakalaren inguruko artikuluak eta “Zinema eta zinematika” gaineko iritziak irakurri eta komentatzen dituzte, ikuspegi sozial eta kulturalarekin lotura sortuz.
Azken erronka: ikasleek beraien bideo edo esperimentua grabatu eta aurkeztu behar dute, Euskal Herriko beste toki batean higidura-mota bat edo gehiago azalduz eta aztertuz.
Koebaluazioa eta autoebaluazioa: ikasleek beraien ikaskuntza prozesua baloratzen dute, taldean izandako ekarpena eta ikasitako eduki zientifikoak azpimarratuz.
Amaierako fasean, ikasleek aurre-ezagutzetatik hasita landutako edukiak integratu eta euren kabuz aplikatzen dituzte. Horrela, ikaskuntza ziklo osoa osatzen da: motibazioa eta esplorazioa → aplikazioa eta sakontzea → integrazioa eta transferentzia.
Ikaskuntza-prozesu guztian zehar, “Zinemat” chatbotak ikaskuntza pertsonalizatua bermatzen du: ikasle bakoitzak bere erritmoan ikas dezake, zalantzak berehala argituz eta orientazio digital egokia jasoz.
Antolaketa, metodologia eta baliabideak
Ikasmaterial hau ikaskuntza aktiboan eta ikasleen parte-hartzean oinarritzen da. Proiektuaren diseinua ez da eduki teorikoen transmisio hutsera mugatzen; aitzitik, ikasleek esperimentazioa, elkarlana eta hausnarketa kritikoa uztartzen dituzten jardueren bidez ikaskuntza esanguratsua garatzea bilatzen du.
Metodologia
Oinarrian proiektu bidezko ikaskuntza (PBI) dago, Euskal Herrian zehar egindako bidaia baten bidez antolatutako sekuentzia narratibo baten inguruan. Bideoak, jarduera interaktiboak eta simulazioak dira ikaskuntza prozesuaren ardatza. Ikasleek fenomeno fisikoak ikusten dituzte lehenik (bideo eta esperimentuen bidez), gero ulertu eta aplikatu (ariketak eta simulazioak), eta azkenik beren kabuz sortu eta azaldu (azken erronka).
Horretarako, metodologia nagusi hauek erabiltzen dira:
- Ikaskuntza esanguratsua: ikasleek inguruko egoerak eta paisaiak erabiltzen dituzte kontzeptu fisikoak barneratzeko.
- Ikaskuntza kolaboratiboa: talde-lana sustatzen da, datuak biltzeko, ariketak ebatzi eta esperimentuak egiteko.
- Ikaskuntza autonomoa: ikasleek bideoak eta ariketak norberaren erritmora landu ditzakete; gainera, chatbot laguntzailea erabil dezakete zalantzak argitzeko eta orientazioa jasotzeko.
- Ikaskuntza esperimentala: laborategiko eta GeoGebrako jarduerek aukera eskaintzen dute ikasleek hipotesiak probatzeko eta emaitzak kontrastatzeko.
Estrategiak eta teknikak
- Ikus-entzunezko baliabideak: azalpen teorikoak eta egoera errealak uztartzen dituzten bideo didaktikoak.
- H5P ariketak: ikasitakoa berehala aplikatzeko eta ikasleen arreta mantentzeko.
- Gida eta txantiloiak: PDFetan proposatutako ariketa-orriak, ebatzi gabe eta ebatziak, ikasleek ikasitakoa pauso-pauso barnera dezaten.
- Antolatzaile grafikoak: posizio-denbora eta abiadura-denbora grafikoak, eredu matematikoen ulermena errazteko.
- Ereduak eta pautak: ikasleek euren azken proiektuak (bideo edo esperimentuak) egiteko eredu argiak jasoko dituzte.
Taldekatzea eta parte-hartzea
Ikasleen dinamika konbinatua izango da:
- Banakako lana: bideoak ikusi, H5P ariketak egin eta autoebaluazioa.
- Talde-lana: laborategiko esperimentuak, GeoGebran simulazioen analisia eta azken erronka.
- Koebaluazioa: ikasleek beste taldeen lanak baloratu eta iruzkinduko dituzte, hausnarketa kolektiboa sustatuz.
Espazioen erabilera
- Gela arrunta: bideoen proiekzioa, azalpenak eta talde-lana.
- Laborategia: erorketa askea eta grabitatearen azelerazioaren kalkulua bezalako esperimentuak egiteko.
- Espazio birtuala (webgunea): ikasleek etxetik edo gelatik material digitalak kontsultatzeko eta ariketak egiteko aukera izango dute.
Hezkuntza-aldamioak ikaskuntza prozesuan
Ikasleei laguntza progresiboa eskaintzen zaie ikaskuntza autonomoa eta eraginkorra izan dadin:
- Gidak: bideo bakoitzari lotutako azalpen teorikoak eta formula nagusiak.
- Txantiloiak: ariketen ebazpenak egiteko taula eta eskema lagungarriak.
- Antolatzaile grafikoak: mugimenduaren grafikoak ulertzeko eta sortzeko laguntza.
- Ereduak: amaierako proiektua burutzeko ikasleei aurkeztutako adibideak.
- Chatbot laguntzailea: ikasleen zalantzak unean bertan argitzeko eta orientazio pertsonalizatua eskaintzeko baliabidea. Chatbotak azalpenak eman ondoren, beti eskatuko du erantzunak egiaztatzeko.
Baliabide materialak
Ordenagailuak edo tabletak, proiektorea, bideoak grabatzeko gailuak, laborategiko tresnak (kronometroa, metroa, kamera, pisuak, etab.).
Ingurune analogikoak eta digitalak
- Analogikoak: klaseko eta laborategiko espazio fisikoak, ariketa-orriak eta esperimentazio materialak.
- Digitalak: webgune interaktiboa, H5P ariketak, GeoGebrako simulazioak, PDFak (ebatzi gabe eta ebatziak), bloga eta bideoak.
Ebaluazioa
Ebaluazioa prozesu jarraitua, hezitzailea eta anitza izango da, ikasleen ikaskuntza eta aurrerapenak modu integral batean neurtzeko eta orientatzeko. Ebaluazioak ez du soilik ikasleen azken emaitza aztertzen, baizik eta ikaskuntza prozesu osoan zehar lortutako ebidentziak bildu eta aztertzen ditu, ikasleei atzeraelikadura esanguratsua eskainiz.
Ebaluatzeko modu anitzak
- Autoebaluazioa: ikasleek beren ikaskuntza-prozesua aztertzen dute, H5P ariketen bidez eta jardueren amaieran proposatutako galdetegi laburretan. Horri esker, norberaren indarguneak eta hobetu beharreko arloak identifikatzen dituzte.
- Koebaluazioa: talde-lanetan, ikasleek beren kideen ekarpenak baloratzen dituzte, elkarren arteko errespetua, erantzukizuna eta lankidetza sustatuz. Amaierako proiektuan (bideo edo esperimentu propioa) koebaluazio-irizpideak zehazten dira, talde bakoitzak beste taldeen lanak baloratzeko aukera izan dezan.
- Heteroebaluazioa: irakasleak ikasleen lana eta aurrerapena aztertzen du, jardueretan parte-hartzea, ariketen ebazpena, laborategiko proben garapena eta azken proiektuaren aurkezpena kontuan hartuta.
Ebaluazioaren uneak
Ebaluazioa ikaskuntza prozesu osoan zehar txertatuta dago:
- Hasierako ebaluazioa: aurre-ezagutzak aktibatzeko galdera gidariak eta bideoetako sarrera-ariketak.
- Prozesuko ebaluazioa: bideo ondorengo H5P ariketak, PDF ariketa-orriak eta GeoGebrako simulazioen analisia. Une honetan feedback zuzena ematen da, ikasleak berehala hobetu ahal izan dezan.
- Amaierako ebaluazioa: ikasleek beren azken proiektua (bideo edo esperimentua) aurkeztu behar dute. Horren bidez ikasitakoa aplikatzeko gaitasuna eta ikuspegi integrala neurtzen dira.
Ebaluazio hezitzailea
Helburua da ikasleen ikaskuntza etengabe hobetzea. H5P ariketek erantzun zuzena edo okerra azalpenarekin batera erakusten dute; PDF ariketek konponbide gidatuak eskaintzen dituzte; eta irakasleak laborategiko jardueretan feedback pertsonalizatua ematen du. Gainera, Zinemat chatbot laguntzailea ere erabil daiteke zalantzak argitzeko eta orientazio azkarra jasotzeko, ikasle bakoitzaren ikaskuntza-autonomia bultzatuz.
Ebidentziak eta ebaluazio-tresnak
Ebaluazioaren ebidentziak jarduera eta tresna anitzen bidez jasotzen dira:
- H5P ariketak: erantzunen erregistro automatikoa.
- PDF ariketak: banakako ebazpen idatziak, konparaketa egiteko aukera ematen dutenak.
- GeoGebra simulazioak: datuen analisia eta emaitzen interpretazioa.
- Laborategiko esperimentuak: kronometratzeak, neurketak eta ondorioak txostenetan jasota.
- Blogeko parte-hartzea: genero-arrakalari eta zinema-zinematikari buruzko gogoeta idatziak.
- Amaierako proiektua: ikasleek sortutako bideo edo esperimentu propioa, ikasitako kontzeptuak modu autonomoan aplikatuta.
Ebaluazio-erremintak eta irizpideak
Ebaluazioa koherentea da curriculumean jasotako konpetentzia orokor eta espezifikoekin, batez ere arazo fisiko-kimikoen ebazpenean, hipotesien formulazioan eta informazio zientifikoaren interpretazioan. Horretarako, errubrikak eta kontrol-zerrendak erabiliko dira jarduera guztietan, ebaluazioa objektiboa eta gardena izan dadin. Ikasleek irizpide horiek aurrez ezagutuko dituzte, helburuak eta itxaropenak argi izateko.
Eredu eta laginak
Ikasleei aurkeztuko zaizkie bideo didaktikoen, laborategiko txostenen eta aurkezpenen ereduak, kalitatezko lanak sortzera gidatzeko. Eredu horiek, atzeraelikadurarekin eta chatbotaren laguntzarekin batera, autorregulazioa eta ikaskuntza autonomoa sustatzen dute.
Inklusioa, pertsonalizazioa eta aniztasunaren zaintza
Ikasmaterial honek inklusioa eta ikasleen aniztasunari erantzutea bermatzen du, Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren (IDU) printzipioetan oinarrituta. Helburua da ikasle guztiek aukera berdinak izatea ikasteko, bakoitzaren ezaugarriak, interesak eta behar bereziak kontuan hartuz. Horretarako, ikaskuntza-prozesua, konpromisoa, errepresentazioa eta ekimena, eta adierazpena bultzatzen duten bitarteko anitzen bidez diseinatzen da.
Konpromisoa sustatzeko modu desberdinak
Ikasleen motibazioa eta parte-hartzea pizteko, ikasmaterialak ikaskuntza testuinguru esanguratsua eskaintzen du: Euskal Herriko toki eta kultura erreferenteak higiduraren ikaskuntzarekin lotzen dira, ikasleentzat gertuko eta erakargarri bilakatuz. Jardueren aniztasunak —bideoak, ariketak, laborategiko esperimentuak, GeoGebrako simulazioak eta blogeko gogoetak— ikasle bakoitzari interesgarriagoa egiten dio ikaskuntza-prozesua. Era berean, azken erronka pertsonalizatuan ikasleek aukeratzeko askatasuna dute, beren interesekin eta gaitasunekin bat datorren egoera fisiko bat aztertzeko.
Errepresentaziorako baliabide anitzak
Informazioa hainbat formatutan eskaintzen da, ikasle guztiek edukiak ulertzeko aukera izan dezaten:
- Ikus-entzunezko baliabideak: bideo didaktikoak, azalpen grafikoak eta animazioak.
- Testu idatziak: PDF ariketak, teoria laburbilduta eta eskema moduan.
- Grafikoak eta simulazioak: posizio-denbora eta abiadura-denbora erlazioak ikusteko antolatzaile grafikoak eta GeoGebrako baliabideak.
- Adibide errealak: eguneroko egoeren bidez azaltzen dira kontzeptu abstraktuak, ikasleen aurre ezagutzetara hurbilduz.
Horrela, ikasle bakoitzak informazioa bere ikasketa-estiloari hobekien egokitzen zaion formatuan barneratzeko aukera du.
Ekimen- eta adierazpen-modu anitzak
Ikasleek ikasitakoa adierazteko aukera zabala dute:
- Banakako lana: ariketa idatziak, autoebaluazio galderak eta azalpen laburrak.
- Talde-lana: laborategiko jarduerak, datuen aurkezpena eta taldeko txostenak.
- Sormen lana: amaierako proiektuaren bidez ikasleek bideo edo esperimentu propioa sortu dezakete, beren ekarpen pertsonalak txertatuz.
- Blogean parte-hartzea: ikasleek artikuluen inguruko gogoetak idatzi edo ahoz aurkez ditzakete, bakoitzaren gaitasun komunikatiboari egokituta.
Pertsonalizazioa eta aniztasunarekiko arreta
Ikasmaterialak ikasleen aniztasuna kontuan hartzen du, ikaskuntza erritmo ezberdinetara eta behar berezietara egokitzeko aukera emanez:
- Jarduerak mailakatuta daude, zailtasun progresiboarekin.
- H5P ariketek feedback berehalakoa eskaintzen dute, ikasle bakoitzak bere ikaskuntza erritmoan aurrera egiteko.
- Ebatzi gabeko eta ebatzita dauden ariketek autoikaskuntza errazten dute.
- Zalantzak chatbotari galdetzeko aukera dute, eta horrek ariketa gehiago ere prestatu ditzake, ikasle bakoitzaren mailara egokituz.
- Irakasleak aukera du laguntza gehigarria eskaintzeko gida eta txantiloien bidez.